22:45ean. Kontxako badia. 30 min.

SUPERAMARADEF
DIARIOVASCODEF
 
 
Larunbata, abuztuak 8

PIROTECNIA ALPUJARREÑA (Granada)

Enpresaren jatorria 1890. urtean dago. Gaur egun, laugarren belaunaldiak kudeatzen du enpresa eta segurtasunean, ekoizpenean eta kalitate-kontrolean egindako azken aurrerapenak sartu dituzte El Cerro parajean daukaten egoitzan, Ugíjarko udalerrian (Granada).

Enpresak su artifizialak egiten, diseinatzen eta jaurtitzen ditu, hainbat ekitaldi eta ospakizunetarako, eta azken urteetan ekoizpenaren zati handi bat Espainiako beste enpresa batzuk hornitzeko erabiltzen du. Instalazio berriak eta modernoak ditu produktu piroteknikoak fabrikatzeko eta biltegiratzeko, eta 50.000 m2-ko azalera eta 50 eraikin baino gehiago ditu. Andaluziar enpresa ezaguna da bere estilo kementsuagatik eta berak fabrikatutako materiala erabiltzen duelako, bere koloreen garbitasunagatik eta bere trumoien sendotasunagatik nabarmentzen dena.

Pirotecnia Alpujarreñaren weborrialdea

  
Igandea, abuztuak 9

XENA PYROTECHNICS (Herbehereak)

Xena Pyrotechnics Herbehereetako enpresa bat da, 1999an sortua eta pirotekniaren industrian liderra. Ospe handia dute su artifizialen ikuskizun bikainak eskaintzeko, bai kanpoaldean, bai barrualdean. Gaur egun, urtean 100 piroteknia-ikuskizun ekoizten dituzte, gutxi gorabehera.

2019ra arte Scheveningeneko su artifizialen jaialdia antolatzen zuten, eta 150.000 bisitari inguru erakartzen zituen asteburu bakar batez. Kalkar-eko (Alemania) Zena Trophy-rako ikuskizun piroteknikoak ere antolatzen dituzte, eta, urtero, amaierako ikuskizuna egiten dute Nazioarteko Portuaren Egunetan, Rotterdam-en bihotzean. Segurtasuna eta fidagarritasuna dira enpresaren funtsezko balioak.

Xena Pyrotechnicsen weborrialdea

Astelehena, abuztuak 10

PIROTECNIA TAMARIT (Valentzia)

Pirotecnia Tamarit Valentziako Erkidegotik datorkigu; gaur egungo panoraman indarra hartzen ari den enpresa nabarmenetako bat da. Piroteknia valentziarraren funtsari leial, bere lanak teknika tradizionalekiko errespetua eta proposamen berritzaile eta dinamikoagoetaranzko bilakaera zaindua uztartzen ditu.

Mascletà-etan eta intentsitate handiko ikuskizunetan espezialistak dira, eta erritmo progresiboa, soinu-karga indartsua eta ikusleekin zuzenean konektatzen duten amaiera sendoak dituzte ezaugarri. Azken urteetan, ospe handiko lehiaketetan parte hartu ditu, hala nola Bilboko Aste Nagusiko Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketa eta Castellóko Mascletàs de la Magdalena Lehiaketan. Gainera, Alacanteko Hogueras lehiaketa ezagunean ohiko enpresa izaten da. Nazioartean duen proiekzioak Kanadako Global Fest bezalako jaialdietara eta Frantziako ospakizun garrantzitsuetara ere eraman du.

Pirotecnia Tamaritaren weborrialdea

Asteartea, abuztuak 11

PHOENIX FIREWORKS (Erresuma Batua)

Phoenix Fireworks enpresa britainiarrak, 1972an hasi zuen ibilbidea eta erreferentziazko enpresa bihurtu da piroteknia sektorean. Urteetan zehar, hazkunde handia izan du, bere jarduera Erresuma Batuan zehar hedatuz eta bere ikuskizunen kalitateagatik eta antolatzeko gaitasunagatik ezaguna den enpresa gisa sendotuz.

Eskala handiko ikuskizun piroteknikoen diseinuan eta gauzatzean espezializatuta dago, eta efektuen hautaketa, konposizio musikala eta diseinu eszenikoa integratzen dituen plangintza zorrotzagatik nabarmentzen da bere lana. Horren ondorioz, muntaia oso sinkronizatuak eta inpaktu bisual handikoak sortzen dira. Tradizioa, bikaintasun teknikoa eta sormena uztartzen ditu, eta erreferentziazko konpainia bihurtzen du sektore pirotekniko profesionalean. Phoenix Fireworks, Erresuma Batuko su artifizialen bi lehiaketa nagusietan aritu da lehian eta baita irabazi ere: British Firework Championships eta British Musical Firework Championships.

Phoenix Fireworksen weborrialdea

Asteazkena, abuztuak 12

PIROTECNIA VALENCIANA (Valentzia)

Pirotecnia Valenciana 1965ean sortu zuen Manuel Crespo Ortellsek, eta sektoreko etxe ezagunenetako bat da. 1992an hil ondoren, José Manuel Crespo Vidal semeak eta María Vidal haren amak hartu zuten familiako enpresaren lekukoa, eta José Manuel, 17 urte besterik ez zituela, Espainiako piroteknikari gazteena bihurtu zen. Llanera de Ranesen (Valentzia) du egoitza piroteknia honek. Suaren artearekiko tradizio luze eta grinatsua duen eskualdea da Valentzia, eta erritmoz, kolorez eta tradizioz betetako ikuskizunen diseinuan maisutasunagatik nabarmentzen da.

Donostian, azken hiru urteetan (2023an, 2024an eta 2025ean) Urrezko Maskorra lortu eta gero, gure hirian izango da berrirogaraipenaren bila.

PirotecniaValencianaren weborrialdea

Osteguna, abuztuak 13

GIANNI VACCALLUZZO (Italia)

Siziliatik, mende bat baino gehiagoko tradizioarekin, Vaccalluzzo familiak “suaren kultura” eta nazioarteko piroteknia italiarraren bikaintasuna irudikatzen ditu. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako artisau-jakintza baten oinordekoa da, eta konpainiak eboluzionatzen jakin du, azken teknologiak erabiliz, zehaztasun eta edertasun handiko ikuskizunak sortzeko.

Nazioarteko jaialdi entzutetsuetan aintzatetsia eta hainbat lehiaketatan saritua izan den artearen eta teknikaren konbinazioa da Vaccalluzzo, eta jaurtiketa bakoitza argiaren, kolorearen eta soinuaren benetako koreografia bihurtzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da. Bere ikuskizun piromusikalak, kontu handiz sinkronizatuak, zerua emozioz beteriko eszenatoki bihurtzen dute.

Vaccalluzzo Fireworks weborrialdea

Ostirala, abuztuak 14

PIROTECNIA GIRONINA (Valentzia)

Pirotecnia Gironinak zazpi hamarkada baino gehiagoko esperientzia du, eta Espainiako piroteknia-panoramaren enpresa ezagun eta egonkorrenetako bat da. Valentziako tradizioan sustraituta, enpresak artisau-jakintza eta bilakaera teknikoa uztartzen ditu, eta ikuskizun orekatuak, zehatzak eta ikus eta soinu inpaktu handikoak sortzen ditu. Teknikaren eta emozioaren arteko harmonia zainduak, ikusleek zein epaimahaiek asko baloratzen dituzten proposamenak bihurtu ditu bere ikuskizunak.

Bere ibilbidean zehar, Pirotecnia Gironinak Estatuko lehiaketa garrantzitsuenetako batzuetan parte hartu du, hala nola Alacanteko Hogueras-etan edo Valentziako Falletan, eta Espainiako hainbat tokitan ere egin ditu ekitaldiak, zirkuitu lehiakorrean duen presentzia sendotuz. 2019an, Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan parte hartu zuen; beraz, hau izango da Donostiako badian egingo duen bigarren agerraldia.

Pirotecnia Gironinaren weborrialdea

Larunbata, abuztuak 15

PIROTECNIA VALECEA (Araba)

Amaierako ikuskizun piromusikala

1876az geroztik, Pirotecnia Valeceak bizirik eutsi dio tradizio paregabe bati: sua emozio bihurtzeko artea. Belaunaldiz belaunaldi, piroteknikari familia honek zeruak eta ospakizunak argitu ditu, ilusioa, kolorea eta alaitasuna txoko guztietara eramanez. Oraingo honetan, berak emango dio amaiera 2026ko Aste Nagusiari, ikuskizun piromusikal bat jaurtiz.

XIX. mendearen erdialdean sortu zen, familia bolborarekin hasi zenean. 1876an eman zuen Leoncio Josék jaietako pirotekniarako pauso erabakigarria, etengabe haziko zen enpresa baten oinarriak ezarriz. 1910ean, Valeceak hedapen handia izan zuen, eta 1914an munduko piroteknia-txapelketa lortu zuen Turinen. Mugarri horrek nazioartean zuen ospea sendotu zuen. XX. mendean zehar, bilakaera etengabea izan zen. 1948an, konpainiak Ciano kondearen Donostiako bilduma enblematikoan parte hartu zuen, eta, ondoren, Gerardo Martínez de Leceak, hirugarren belaunaldiko ordezkariak, enpresaren nazioarteko proiekzioa bultzatu zuen, 1964an Monako, Trieste eta Viareggio bezalako hirietan aintzatespenak lortuz.

Espiritu berritzaileak 1980an jarraitu zuen, María Carmen Martínez de Leceak, José Luis Valdecantosekin batera, konpainiaren modernizazioaren buru izan zenean, azken belaunaldiko fabrikazio-instalazio bat diseinatu eta instalazioak Berantevillara (Araba) eraman zituenean. Gaur egun, bosgarren belaunaldiak, Aitor Valdecantos Martínez de Lecea buru duela, pasioz eta bikaintasunez jarraitzen du ondare hori garatzen. Aditu talde batekin batera, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituzte, sua, argia eta soinua benetako esperientzia bihurtzen diren ikuskizun paregabeak sortzeko.

Pirotecnia Valecearen weborrialdea 

Cartel 2026

2026ko Kartela

Egilea: JORGE ELÓSEGUI ASTRAIN

 

Aurtengo kartelaren egilea Jorge Elósegui Astrain donostiarra da. 2005etik diseinatzaile lanetan aritu da, lehenengo ehungintzan eta gero bere kabuz Estudio Primo sortu zuen 2013an. Bere aurpegi agerikoena da. Batez ere diseinatzaile grafiko eta arte zuzendari gisa egiten du lan, nahiz eta produktu eta espazioen diseinuarekin lotutako proiektu ugari ere garatu dituen. Proiektu pertsonalak ere garrantzitsuak dira berarentzat, bere eguneroko lanean normalean praktikan jarri ezin dituen ideia mordoari irteera emateko modua baita.

Su artifizialak jaurtitzea eta gaueko zeru ilunean mugitzea esperientzia estetiko paregabea iruditu izan zaio beti Jorgeri. Eskala monumentalean egindako performance artistiko baten modukoa da, badia osoa inbaditzen duena, eta gauero dozenaka mila pertsonak parte hartzen dute bertan. Komunitatean gozatzen den zerbait magikoa. Forma, kolore eta soinu aniztasunak ikus-entzunezko ikuskizun paregabe bihurtzen dute su artifizialen lehiaketa.

Kartelean, orban eta zirriborro ezberdinen bidez, argi, kolore eta soinuen festa hori ilustratu nahi izan du. "Suak" kartela diseinatzerakoan hondo beltza erabili ohi da, eta horren azalera guztia erabili ilustratzeko. Kasu honetan, Jorgek konposizio interesgarriago bat egin nahi zuen, ilustrazioa goi-eskuinaldean utzita. Hala, kartelaren atzealde argiak ilustrazioa nabarmentzen du, eta su artifizial batzuen ideiarekin jolasten du, su horiek lehertzen diren hondo beltzetik ihes egiten baitute.


Egitaraua deskargatu Segurtasun-neurriak Epaimahaia, sariak eta irabazleen zerrenda