Trebeska Dantza Taldea
Trebeska Dantza Taldea 50 urte bete ditu aurten eta gurekin ospatu nahi du.1976. urtean sortu zen Donostian, Egia auzoko Xabier Elkartearen barruan Mendizale, musikari eta dantzariak elkartuz.
Sortu zenez geroztik, Trebeska Dantza Taldea gogo batez ari da Euskal Herriko dantza herrikoiak berreskuratu asmotan, gertaera kultural hau inguratzen duten arlo guzti edo gehientsuenetan, hala nola ohiturak agintzen duen egokitasunez dantzatuaz, edota garai eta eskualdeari dagokion jazkera osatuaz, musika berari merezi duen taxua emanaz eta ahal bezain zuzen egokituaz. Azken urte hauetako lan honek lortu du heldutasun eta duintasun maila txukuna, eta asko harrotu gabe esan genezake Trebeska Dantza Taldea Donostiako dantza taldeen artean ezarri dela eta gure folklore erakustaldi osatua egiteko gai dela.
Ibilbide luzea egin du dantza taldeak orduz geroztik, eta hemen dugu bide hori egin dugun pertsona desberdinen lagin txiki bat, Trebeska jende askok osatu baitu momentu eta modu desberdinetan, bai taldearen parte izandakoak, baita taldearekin batera, inguruan, laguntzan, auzoan ibili direnak ere.
Tanxugueirasi entzun genion aurrekoan musika tradizionala ezin dela dantzarik gabe ulertu. Ez hori bakarrik, komunitatean bizizeko egina dagoela. Une kolektibo baten bueltan elkartzeko, ospatzeko eta partekatzeko musika baita.
Euskal dantza talde bat ere, ez da entseguak egin eta dantza politak aurkezten dituen jende talde bat bakarrik. Herrian, auzoan, kokatua dagoen eta inguruenearekin hartu emanean bizirik dirauen organismo bizi bat da. Eta ez hori bakarrik, belaunaldiz belaunaldi eraldatzen den organismo bizi bat ere ere bada, edo pertsona ezberdinek momentu desberdinetan osatzen dutena, ezin dena bere atal soltean argazki bat eginik ulertu, denen arteko lanaz bizirik baitirau. Gure gorputzak jarri ditugu dantzan proiektu honen, euskararen eta auzoaren alde, denon artean jada 50. urtez. Bakoitzak koloredun zintaxo bat eskuan gure ibilbidea egin dugu, Trebeskaren historia koloreduna josiz, istorioak eta bizipenak korapilatuz. Askok izango ditugu gogoan oholtzara igo aurreko urduritasuna, autobuseko barreak, jaien osteko nekeak, jantzien (eta izerdiaren) usaina. Eta denok elkarrren artean ezagutzen ez dugun arren, bat egiten gaituen oihal bat josi dugu, komunitate egiten gaituena.






