Ereintza Elkartearen barruan sortutako taldea dugu Ereintza Dantza Taldea. Bere helburuen artean, gure dantzak kontserbatzea eta generazio berriei transmititzea daude, tradizio zaharrei forma berria emanez.
Azken urteetan, Ereintza Dantza Taldeak aktuazio ugari izan ditu Euskal Herri osoan, eta baita atzerrian ere, Jaialdi Internazional askotan parte hartu baitu, hala nola, Errusia, Turkia, Irlanda, Belgika, Estatu Batuak eta Austrian. 2023an Belgikako Sint-Gillis-Waas herriko Drieske Kerremes eta Frantziako Montrejeau herriko Folklore jaialdietan parte hartu zuten.
Gainera, Ereintza Dantza Taldeak ekintza ugari antolatzen ditu urtean zehar: Erromeria Eguna, Errenteria Dantzan, bertan atzerriko taldeen partaidetzarekin, Dantzari Txiki Eguna, 600 haur dantzari baina gehiago biltzen dituena, Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa, Errenteriako inauteriak berreskuratu zituen, baita san juan bezperako sokadantza ere.
Eskeiniko diguten emanaldia: alde batetik, dantza tradizionalean oinarritutako bloke bat egingo dute Gipuzkoa eta Zuberoako dantzetan oinarrituko dena. Bestetik, euskal dantzetatik abiatuta Ereintzak dituen hainbat koreografia eskeiniko dira, beraien artean azken urteetan eskaini duten "Gu Agustina!" ikuskizuneko pasarteren bat.