Alurr Dantza Taldea

Alurr Dantza Taldea Ibarran egoitza duen dantza taldea da. Talde honek 1995ean hasi zuen bere ibilbidea eta dantza tradizionalaren irakaskuntza oinarritzat harturik proiektu pertsonal bat eratzen joan da orduz geroztik, beti ere dantzatik baino haratago dagoen ikusmira batekin.Koreografo ospetsu eta dantzari gazteen ekarpen berritzaileek, euskal pausu eta dantza tradizionaletan oinarritutako koreografia berriak sortzeko aukerak ahalbidetu ditu. Horrela izanik eta oinarri tradizional batetik abiaturik, nortasun berritzaile bat lortu dugu. Dantza tradizional, klasiko eta garaikideak elkartu eta alderdi hauek gure musika, erritmo eta jantzietara eramaten ditugu. Antzeztokiko estetika ere mailarik altuenean zaintzen saiatzen gara.

Alurrek, bere ikuskizun eta dantzak batik bat Euskal Herriko probintzia ezberdinetan erakusten saiatu arren, bere lanak beste hainbat txokotan erakusteko aukera ere izan du, hala nola, Frantzia, Eslovenia, Alemania, Irlanda, Italia, Galizia eta Katalunian. Lan honen ondorio dira urtez urte Alurrek antzeztokietara eraman dituen ikuskizunak: Sua (2008), Oinazez (2010), Izanak Dirau (2012), 1512 (2012), Uztartuz (2012), Soinaz (2013), Bi punturen artean (2015), Lanabesak (2015), Maruxak.

"Hamaikua" ikuskizunarekin plaza eta dantza tradizionalen bidez eraikitako herri identitatea gogora ekarri nahi da. Urteetan plazak, kaleak eta frontoiak izan dira festa eta tradizioaren ardatz: musikak kaleak betetzen zituen, soka-dantzak eta plazetako dantzak bizilagunen arteko loturak sustatzen zituzten, eta ohiturak, belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren. Eguneroko bizitzako keinuek eta ohiturek ere forma hartzen zuten dantza batean, mugimendu txikiak erritmo bihurtuz. Hala, horien bidez eraikitzen zen herriaren nortasuna eta izaera. Atera gaitezen plazetara, sor ditzagun dantza berriak baina zaharrak mantenduz, eman diezaiogun eskua, dantzak plaza behar du, plazak dantza du giltzarri.

Desgaitasun funtzionala duten pertsonei egokituriko gunea.
Larunbata, abuztuak 15
20:00 - 20:40
Parte Zaharra / Konstituzio plaza -