Arkaitz Añorgako Dantzariak
Gipuzkoako dantzen tradizioan toki nabarmena dute Añorgako Dantzariek, besteak beste, urratsetan, doinuetan eta koreografian. Añorgako lehen dantza-maisua Jose Lorenzo Pujana izan zen, eta 1926an hasi zen Añorgako gazteak trebatzen. Pujanak Juan Inazio Iztuetaren ikasle izandako Jose Antonio Olanorekin ikasi zuen.
Urte berezia da aurtengoa Añorgako Dantzarientzat. Belaunaldiz belaunaldi, etenik gabe mende bat bete dute dantzan. Ehun urtez une historiko bakoitzeko transmisio-ereduekin tokiko eta Euskal Herriko dantza-ondarea ehundaka añorgatarrengan gorpuzten dihardu. Egun 80 bat dantzari eta musikari —heldu, gazte eta haur— ari dira taldean, eta herri izaera duen Añorgaren nortasunaren oinarrizko elementuetako bat da.
Abuztuaren 15eko data seinalatuak eskatzen duen neurriko erritua proposatu eta ematen dute Añorgako Dantzariek 2012. urtetik. Dagoeneko ezarrita dagoen tradizioari segida emango diote aurten ere. Portutik abiatzen da ezpata-dantza, hiri zaharreko puntu nagusiak gurutzatzen: joxemaritarren Andre Maria eliza, koxkeroen San Bizente, Bulebarra… Ezpata-dantza eta zubiak kalerik kale dantzatzen dira, hiriaren zilborreraino. Bertan, Plaza Berrian, ganberako zubitik pasata, astinduko dute añorgatarren bandera. Brokel dantzaren zikloa egingo dute jarraian: agurra, billantzikoa, boastitzea, uztai txikiena, brokel makilena, makila handiena, uztai handien kontradantza eta zinta-dantza, bizitzaren arbolaren bueltako destinoaren dantza. Azkenik, eskuz esku heldutako dantzariek soka-dantza egingo dute, komunitatearen kohesioa eta indarra sinbolizatzen dituen zubi artetik herriari festarako bidea irekitzeko.
Irteera Portutik eguerdiko 11:30ean. Emanaldia Konstituzio plazan eguerdiko 12:00etan.






