Gipuzkoako dantzen tradizioan toki nabarmena dute Añorgako Dantzariek, besteak beste, urratsetan, doinuetan eta koreografian. Añorgako lehen dantza-maisua Jose Lorenzo Pujana izan zen, eta 1926an hasi zen Añorgako gazteak trebatzen. Pujanak Juan Inazio Iztuetaren ikasle izandako Jose Antonio Olanorekin ikasi zuen.
Joan den mendeko 70eko hamarkadan, Añorgako dantzari eta musikari ugari Donostiako Argia taldean hasi ziren dantzan, Juan Antonio Urbeltz ikertzailearen eta koreografoaren zuzendaritzapean, eta garai hartako kultur eztandako partaide aktiboak izan ziren. Ondorengo dantzari-belaunaldiak, Euskal Herriko probintzia guztietako dantza gehienak ikastearekin batera, Urbeltzen ikuskizunetan aritzen dira ordutik. Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak gaur egun ezagutzen duen egitura 80ko hamarkadatik aurrera hartu zuen. Haurrentzako dantza-eskola sortu zen, eta nagusien taldeak Euskal Herriko tokian tokiko dantzekin osatutako emanaldiak egiteari ekin zion. Modu horretan, añorgatarren komunitatea sendotzen dute dantzaren bidez, eta Añorgaren nortasuna erakusten dute etenik gabeko tradizio biziarekin.
2009an Añorgako Dantzariak berriz ere hasi ziren Ezpata-dantza eta Brokel-dantza egiten, XXI. mendeko gizartearen ezaugarrietara egokituta, eta ordutik urtero egiten dute Añorgan Karmen Egunean, uztailaren 16an, eta Donostian Konstituzio plazan Amabirjinaren egunean, abuztuaren 15ean. Horrela, Euskal Herriko kultur ondareari balio handiko ekarpena egiten diote, Gipuzkoako dantzen erreferenteetako bat diren neurrian.
Irteera Portutik eguerdiko 12:00etan. Emanaldia Konstituzio plazan eguerdiko 12:30ean.