Alurr Dantza Taldea Ibarran egoitza duen dantza taldea da. Talde honek 1995ean hasi zuen bere ibilbidea eta dantza tradizionalaren irakaskuntza oinarritzat harturik proiektu pertsonal bat eratzen joan da orduz geroztik, beti ere dantzatik baino haratago dagoen ikusmira batekin. Oinarri tradizional batetik abiaturik, nortasun berritzaile bat lortu dugu. Dantza tradizional, klasiko eta garaikideak elkartu eta alderdi hauek gure musika, erritmo eta jantzietara eramaten ditugu. Antzeztokiko estetika ere mailarik altuenean zaintzen saiatzen gara.
Alurrek, bere ikuskizun eta dantzak batik bat Euskal Herriko probintzia ezberdinetan erakusten saiatu arren, bere lanak beste hainbat txokotan erakusteko aukera ere izan du, hala nola, Frantzia, Eslovenia, Alemania, Irlanda, Italia, Galizia eta Katalunian.
Urteetan euskaldunok lanbide tradizional asko izan ditugu. Lanbide bakoitzak bere tresnak izaten ditu. Eta Euskal Herrian, sarritan eman izan diogu lan tresna horiei beste erabilpen bat, eta folklorearekin lotzen ditugu maiz.. Gaur eskaintzen diguten ikuskizun honetan – Laia - Alurr Dantza Taldeak gogoratu eta erakutsi nahi dizkigu. Emanaldiak joan den mendeko giroan oinarritutako eszena desberdinak aurkeztuko dizkigu.